domingo, 25 de septiembre de 2011

Caritasek Aterpe berria ireki du Donostian

Caritas erakunde humanitarioak Aterpe berria ireki du Donostiako Amara auzoan. Jose Maria Salaberria kalean zabaldu berri duten zentroak 2008tik Pedro Egaña kalean egon dena ordezkatuko du. Zentro berriaren prestaketa 2010eko urrian hasi zuten.

Aurreko Aterpeko zerbitzua egunero 100 pertsona inguruk erabiltzen zuten. Krisi garaia dela eta, duela bi urtetik hona kopuru hori asko hazi da. Hori dela eta, lokal berria bilatzea ezinbestekoa zen, pertsona gehiagoren eskaerei erantzuteko instalazio egokiekin.




Amarako Aterpe berria lehengoa baino handiagoa eta zainduagoa da, instalazio berri eta modernoagoekin. Horrek zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera emango die bertako langileei. Horrela, ostatuaz gain, zentro berriak jangela, dutxak, jantzitegia, garbitegia, ile-apaindegia eta erizaindegia ere baditu. Behar horiez gain, Aterpeak tratu pertsonala, aholkularitza juridikoa eta entzute zerbitzua ere eskainiko ditu.
Gero eta erabiliagoa
Krisiak jende asko langabezian edo kalean utzi du. Hori dela eta, gero eta jende gehiagok jotzen du Caritasen Aterpera eta antzekoetara. Aterpearen kasuan, haren zerbitzua eskatzen duten pertsonen kopurua nahiko hazi da azken bi urteetan. Hazkunde nabarmenena haurrak dituzten familien artean eman da, gurasoak langabezian gelditu direlarik, Aterpea ikusi baitute irtenbide bakarra. Gero eta jende gazte gehiagok ere erabiltzen du zerbitzua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario