domingo, 18 de septiembre de 2011

Nirekin ezkondu nahi duzu... epaitegian?

Euskadin gero eta gutxiago entzuten da “nirekin ezkondu nahi duzu?” galdera famatua. Eustaten arabera, zehazki, 114 gutxiagotan entzun da 2010eko lehen hiruhilekoa eta  2011ko epe berdina konparatuz. Euskal Estatistika Erakundeak jasotako datuen arabera, aurreko urteko urtarrila, otsaila eta martxoan 1042 bikote ezkondu ziren Euskadin; aurten, ordea, 928. Gainera, 928 ezkontza horien %92a ezkontza zibilak izan dira, eta soilik %8a modu tradizionalean ospatutakoak, hau da,  Elizaren bidez.

Argi dago egungo krisi ekonomikoak zer esan handia duela datu horietan. Bikote gazte askok ezin diote ezkontza batek suposatzen duen gastuari aurre egin. Horren aurrean bi aukera daude: ez ezkondu edo bide alternatiboa bilatu. Bide alternatibo hori ezkontza zibila izan daiteke.  
Hala ere, arrazoia ez da soilik ekonomikoa. Pisu handiko arrazoi bat egungo gizartearen pentsamendua da. Alde batetik, fedearen kontua dago. Azken urtetan argi ikusi daiteke Elizak gizartean izan duen gainbehera. Gero eta gutxiago dira fededunak edo, fededunak izan arren, haien erlijioaren erritoak praktikatzen dituztenak. Kristautasunaren erritoen artean, jaitsierarik nabarmenena izan duena ezkontza da.
Bestalde, bizimodu ereduaren kontua dago. Gazte askok ez dute konpromesurik nahi, eta nahiago dute haien gaztetasuna ahalik eta gehien aprobetxatu. 
Arrazoia edozein dela ere, argi dagoena da gero eta bikote gehiagok nahiago dutela filmetan erakusten diren ezkontza ikaragarriak alde batera utzi eta sinpleagoa den zerbait ospatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario