domingo, 18 de diciembre de 2011

Inauguratu dute Hondarribiako Itsas Etxea Auditorium berria

Auditorioa herriak kulturarekin zuen zorra konpentsatzeko eraiki da

Endika ETXAIDE

Luzaro, urte asko itxaron behar izan dituzte hondarribiarrek hirian kultur ekitaldiak egiteko leku itxi eta duin bat izateko, baina azkenean iritsi zaie eguna: Hondarribiak Itsas Etxea Auditorium berriko ateak zabaldu ditu aste honetan, musikaren munduko ekitaldiz jositako aste batekin.


Obrak 2010eko urtarrilan hasi zirenetik 22 hilabete luze igaro dira. Orain, eraikin berria ireki dute, eta haren motorra martxan jartzeko ordua iritsi da orain. Proiektuaren bultzatzaileek argi dute “esfortzu handia” egin beharko dutela auditoriuma “eraikin huts batean” gera ez dadin. Hala esan zuen Aitor Kerejeta Hondarribiako alkateak Bidasoaldia.com egunkari digitalari aurreko hilean eskainitako elkarrizketa batean.

Auditoriumak Hondarribiak aspalditik zuen “hutsune argia” estaltzen duela adierazi zuen gainera alkateak, “hiri honek kulturarekin zor bat” zuela onartuz. Eraikin berriari esker zor hori konpentsatzea espero dute, urte guzti hauetan herritarrek ez baitute ekitaldi kultural desberdinez disfrutatzeko leku finko, itxi eta duin bat eduki. Auditoriumak arazo horren konponbide bihurtu nahi du; hirirako kultur azpiegitura bat.

Auditorioaren helburua, neurri handi batean, euskal kultura bultzatzea izango da, kulturak bere baitan hartzen dituen alor guztiak bultzatuz. Txomin Sagarzazu kultura zinegotziak “espazio hau kulturan zentzu zabalean egingo dugun sorkuntzarako” ikusi behar dela dio, “bertako taldeek erabiltzeko, adierazpenerako, neurri bateko espekulu edo ikuskizun eszeniko-musikalak ikusteko, eta baita herriko eragile ekonomikoekin batera antolatu ditzakegun ikastegi edo kongresuak antolatzeko”.Hala ere, Kerejetak onartu zuen auditorioa bultzatuko duten arren, herriko ekitaldi askok bertan jarraituko dutela, “horrek duen xarma bereziarengatik”.

Aurrekontuari erreparatuz gero (4,2 milioi euro, Miguel Imaz SA enpresaren esku), argi dago garrantzi handiko proiektua dela eta 

Hondarribiako Udalak konfiantza handia duela horrengan.
Estetikari dagokionez, auditorioaren diseinua modernoa da, batez ere inguruko eraikinekin konparatuz. Elizaren eta arrantzaleen etxeen artean hain eraikin modernoa kokatzeak atentzioa deitzen du gutxienez. Hori izan zen hasieratik helburuetako bat: auditorioa herriko gunerik garrantzitsuenetarikoa bihurtzea.

Kanpotik ikusten den estiloa lerro zuzenez osatuta dago, horizontalak, bertikalak eta diagonalak. Materiala zeramika eta egurra dira, eta kolore nagusiak zuria eta marroia, zenbait xehetasunetan grisarekin ere jolastuz.

Eraikinak guztira 1200m2-ko azalera du, bi solairutan banatuta. Lehenengo solairuan harrera, areto nagusia eta eszenatokia daude. Bigarren solairuan kamerinoak, komunak eta terraza txiki bat. Eszenatokiak puntako ekipamenduak ditu ekitaldi desberdinak jaso ahal izateko. Besteak beste, 20.000 vatiotarainoko soinu-ahalmena du eta 100.000 vatio arteko argiztapena kudeatu ahal da, momentuko beharren arabera. Gainera, zine eta bideo proiekzioetarako puntako ekipamendua ere badu.

Aretoak, bestalde, 400 lagun baino gehiagorentzako eserlekuak ditu, modu desberdinetan mugitu eta gorde ahal direnak unearen arabera, auditorioa estalitako plaza itxi modukoa sortzeko aukerarekin.

Puntako ekipamendu horrekin auditorio berriak ekitaldi desberdinak antolatzeko aukerak eskaintzen ditu. Lehenengoak, udalaren webgunearen arabera, antzerkiak, herriko musika taldeen kontzertuak eta zine emanaldiak izango dira, denborarekin posibilitateak zabalduz.

Hondarribiarren iritziak

Hondarribiarrek luzaro itxaron behar izan dute herrian maila honetako auditorio bat edukitzeko. Orain, desira hori errealitatea bihurtu dela, eraikinaren inguruko iritziak orotarikoak dira.

Gehienen iritziak positiboak dira. Aitor Sagarzazu 25 urteko hondarribiarrak, adibidez, Hondarribia bezalako hiri batentzat horrelako gune bat “derrigorrezkoa” dela uste du. Hala pentsatzen du Peio Susperregik ere, 48 urteko herritarrak: “Hondarribian pelikula emanaldi batera joan nintzen azken aldia duela hogei urte izan zen. Orain, berriz izango dut bueltatzeko aukera”. Hala ere, Susperregi ez dago oso konforme auditoriumaren estetikarekin, bere ustez “modernoegia” baita arrantzale inguru batean egoteko.

Kargu politikoko hondarribiarrak auditoriumaren defendatzaile sutsu dira. Alkateak dio eraikin berriarekin herritar askok aspalditik zuten ametsa bete egin dela; “Estetika aldetik eraikin ederra da, inguratzen duen estilo guztiekin hausten baitu, eta desberdintasunak politak dira”, dio gainera. Txomin Sagarzazu kultura zinegotziak, bestalde, eraikinaren barruko egitura azpimarratzen du, “giro goxo bat sortzea” lortu dela esanez.



No hay comentarios:

Publicar un comentario