martes, 18 de octubre de 2011

Beldur Barik saioaren aurkezpena izango da bihar Magisteritzako Fakultatean

Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia areto nagusian
Ainhoa ELIZALDE
Ane Miren ELORZA
Endika ETXAIDE
Bihar eguerdian Beldur Barik programaren aurkezpena izango da Leioako Magisteritza Fakultatean. Saioaren helburua sentsibilizaziorako eta eztabaidarako gune bat sortzea da, eraso sexistarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, eta gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea. Era berean, saioan Beldur Barik lehiaketaren nondik norakoak azalduko dira.
Beldur Barik prozesu bat da. Orain dela bi urte, Berdinsarean lan egiten duten berdintasunaren aldeko teknikariek  jasotako datuak irakurri zituzten:   Euskadiko salaketen %42 32 urtetik beherako emakumeenak izan ziren. XXI. mendean oraindik, mundu osoan eta egunero, emakumeak erahiltzen dira. Horren atzean indarkeria sexista dago. Horregatik prozesu parte-hartzaile bilakatu zen kanpaina bat sustatu zuten. Helburua gazteek gaiari buruz ausnartzea eta euren inplikazio aktiboa sustatzea da.
Leioako saioa hirugarrena izango da, Gasteizko eta Donostiako Campusetan aurretik ere egin baitira. Saioaren ekimenen artean aipagarrienetarikoa Beldur Barik Jarrera izeneko lehiaketa da. Honen bidez, saria emango zaie gazteek desberdintasun egoerari nola aurre egiten dioten erakusten duten lanei, berdintasuna, errespetua, askatasuna eta autonomiaren alde, eta indarkeriaren kontrako jarrera erakusten dutenak. Edonolako formatuak onartuko dira: ekintzak, ideiak, bideoak, argazkiak, proiektuak, musika, dantza, argazkigintza, performancea, eskultura...
Ekitaldiaren antolatzaileak EUDEL Euskal Udalen Elkartea, Berdinsarea, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dira, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren,UPV/EHUren eta EiTBren lankidetza du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario